Elixabete Perez Gaztelu, Euskal Gaien Institutuko Zuzendaria
Egun on, guztioi:
Euskal Gaien Institutuarentzat hagitz pozgarria da gaurko ekitaldi hau antolatu eta zuek denok hemen bildu ahal izatea. Eskerrak eman nahi dizkiogu Bizkaiko Foru Diputazioari hau egin ahal izateko emandako laguntzagatik.
Egia esanda, egokiera honek geure buruari meritu pittin bat emateko tentazioa ere sortu digu, zubi bat ez ote dugun eraiki. Idazkeran oinarritutako ezaupidearen sorlekua, garabide eta zabalbidea omen den unibertsitatearen eta ahozkotasunaren adierazpide artistikoa ere baden bat-bateko bertsolaritzaren arteko zubia. Mundu idatziaren eta ahozkoaren arteko bategitea; akademiaren eta bertso munduaren artekoa.
Meritu pittin bat; pixar bat; esan dugu. Bi munduon arteko zubia aspaldi-aspaldikoa da eta itxura guztien arabera, behialako amildegia gero eta ahulagoa.
Motelegi bada ere, unibertsitatean ere ahozko komunikazioari gero eta arreta gehiago eskaintzen zaio. Plazan aritzen diren gaur eguneko bertsolariak ere, esan beharrik ez dago, ez dira paperezko munduari bizkar emanez bizi. Ezin.
Gonbidatu ditugun bost bertsolariok, bostok, unibertsitateko ikasketak eginak dira. Bi, gainera, unibertsitate honetan ikasiak. Areago. Ekitaldi honetako lehen atalak bertsopaper batzuk ditu aztergai.
Tira, bada, zaharrak berri izanik ere, gaurkoa topada emankorra izango da, dudarik ez dut, idatziaren eta ahoz esan nahiz irakurriaren artekoa.
Berritasunik aipatzekotan, irakaslearen eta bertsolarien arteko uztarduraz gain, hautatu dugun gaia ekar dezakegu. Azaro bukaeran gaude, urteko egunik labur, ilunenetan. Ez bide da sasoi desegokiena “Bertso beltzak” izendatu ditugunak plazaratzeko, eta belztasun giroan HITZEZ EKITEKO.
Bi atal izango ditu ekitaldiak. Lehenean Jabier Kaltzakorta Gizarte eta Giza zientzietako fakultateko irakasle-ikertzaileak bi krimen-bertsoren gainean hitz egingo digu. “Azpeitiko urkamendiaren gainean” jarritakoak eta Markina-Etxebarriako “Mendaroko semea naiz desgrazia asko egin dedana”, goiburua dutena.
Bihotzez eskertu nahi diot jendaurrean Kaltzakorta irakasleari gonbit honi baiezkoa eman izana. Askotan kanpokoek errazagoa liluratzen gaituzte eta gertukoak itzalpetu. Kaltzakorta oso gertukoa dugu eta bere jakintzaren, erudizioaren balioaz jabetzeko ez dugu kanpokoen iritzi eta goresmenen zain egon beharrik. Ederki dakigu euskal literaturaz, ahozko euskal literaturaz, inor gutxik dakiela Kaltzakorta irakasleak adina.
Bigarren atalean, berriz… bertsolaritzaren olinpoa ukituko ote dugun… Zer esan bildu dugun goi-goi mailako talde honetaz? Izena ongi baino hobeto irabazia dute aurrean ditugun bertsolariok; bostok. Izenda ditzadan zaharrenetik hasita, Andoni Egañak, Maialen Lujanbiok, Julio Sotok eta Alaia Martinek. Eta Amaia Agirrek, bertsolaria izanik ere, gaur eta askotan gai-jartzaile aukerakoak ere bai.
“Saldu al baliteke pisura urrearen truke, nork erosi faltako ez luke” kantatu zion Juan Ignazio Iztuetak Kontxesi maiteari. Merkatu eta genero kontuak albo batera utzita, oholtza honetako bertsolariek pilatutako eta pilatuko dituzten txapelek ere izango lukete, izango dute nork erosi.
Bertsolariei estimatzen diegu, estimatzen dizuegu, ezohiko plaza honetara etortzea, Bilbora gainera, bertsotan aritzeko desordu hauetan, gainera.
Burua eta gorputza zertan enplegatu izango duzue denek ere, eta zer esanik ez txapelketaren burrunba eta zirimolek azpian murgilduta zaituztetenek.
Mila-mila esker, gurekin hemen egoteagatik.
Saioa osorik grabatzen ari dira eta laster paratuko dugu Interneten hemen ez dagoenak, gustua badu, ikusi eta entzun nahi badu, nahiz hemen egonagatik, begi-belarriak berriz gozatu nahi dugunontzat.
Aurrera, Jabier.